
2011ean jokatutako lasterketaren irudia (Argazkia: Estitxu Zabala)
Uliako Gimnastikak bere tradizioari eutsiko dio, eta 83. urtez Erregetako Krosa antolatu du urtarrilaren 6rako. Partaideek Grosen barrena 10 kilometroko distantzia egin beharko dute, 11:45ean hasiko den lasterketan, eta lehia bizia espero dute eliteko korrikalarien artean. Gehienez 1.000 lagunek izango dute parte hartzeko aukera, eta gaur itxiko dute izen ematea, 20:00etan,
Kirolprobak webgunean.
Esan bezala, 11:45ean hasiko da lasterketa nagusia, eta bertan, eliteko korrikalariek eta herri korrikalariek parte hartuko dute, ibilbide handiari bi itzuli emanez. Lasterketako arduradunek aurreratu dutenez, nazioarteko korrikalari ugarik parte hartuko dute proban, eta Sergio Sanchez espainiarra dute faborito nagusitzat. Hala ere, badirudi Marokotik eta Etiopiatik etorriko diren korrikalariek ez dizkiotela gauzak batere errazak jarriko. Emakumezkoetan, azken hiru urteetako garailea bertan izango da, Malika Asahssa marokoarra. Iaz lehia bizia izan zuen Tirhas Gebre etiopiarrarekin, eta bera ere igandeko lasterketan izango da.
Lasterketa nagusia hasi aurretik, beheko mailetako lehiak jokatuko dituzte. 10:30ean, kimu eta haurren proba jokatuko dute, ibilbide txikiari buelta bat emanez (1.850 m); 11:00tan, berriz, kadete eta gaztetxoen txanda izango da, eta ibilbide txikiari itzuli bakarra emango diote eta beste itzuli bat ibilbide ertainari, 4.410 metro osatuz.