Sexu erasoa egotzita atxilotu zituzten bi gazte espetxeratu dituzte
Urtezahar gauean 17 urteko neska bat erasotzea egotzita atxilotutako hiru lagunak atzo jarri zituzten epailearen eskuetan. Gaur epailearen galderei erantzun diete, eta hiruetatik bi espetxeratzeko agindua eman du. 18 eta 20 urte dituzten gazteak Martuteneko kartzelan daude jada. 20 urteko gaztea, berriz, aske geratu da.
Hiru gazteak ostiralean atxilotu zituzten neska bati eraso egiteagatik. Erasoa urtezahar gauean gertatu zen, Egian. Diskotekatik mutil batekin atera zela adierazi zuen neskak, eta ondoren beste biak etorri eta erasotu egin zutela. Neskak salaketa ondoren jarri zuen eta ostiralean atxilotu zituzten hiru mutilak.
Donostiako Udalak erasoa salatu du
Donostiako Udalak ere salatu egin du urtezahar gauean adingabe baten kontra egindako eraso sexista. Udalak erabat gaitzetsi ditu mota honetako erasoak, eta salatzen jarraituko duela esan du eraso larri hauek, indarkeria matxista amaitu bitartean, eta “are gehiago tartean adingabe bat dagoenean”, gehitu du. Era berean, babes osoa eta laguntza eskaini nahi izan die biktimari. Bestalde, udalak plazaratu du ongizate zerbitzuen eskuetan dagoela kasua.
Azkenik, udalak bat egin du eraso honen harira egingo diren edo egiten ahal diren elkarretaratzeekin.