Eski Alpinoko Munduko Kopa Paralinpiarrean parte hartuko du Jon Santacanak
Hastear da aurten ere Eski Alpinoko Munduko Kopa Paralinpiarra. Lehen proba bihartik ostiralera jokatuko dute, Italiako Sestriere pistetan, eta Jon Santacana eskiatzaile loiolatarra bertan izango da. Santacanak ikusmen arazoak ditu eta Miguel Galindo gida izaten du lagun lehia guztietan. Pistetatik kanpo egon da denboraldi batez Santacana, lesio baten ondorioz, baina indarberriturik itzuli da, eta goiko postuetan ibiltzeko prest. Europako Kopan parte hartu zuen Santacanak pasa den abenduan, Suitzan, eta bigarren postuan geratu zen. Orain, Italiako Munduko Kopako lehian, bi eslalom erraldoi (bihar eta etzi), eta bi eslalom (ostegunean eta ostiralean) egin beharko dituzte partaideek. Munduko Kopak beste hiru proba izango ditu: Suitzako St. Moritz pistetan, urtarrilaren 13tik 16ra; Esloveniako Rogla herrian, otsailaren 11tik 14era; eta martxoaren 7tik 12ra Errusiako Sochi herrian.