"Irabaztea eta ondo jokatzea" dira Reyes Karrereren helburuak
ABF Ligako lehen itzulia bukatzeko hiru partida falta zaizkio Bera Bera Eskubaloiari. Momentu honetan, Donostiako taldea sailkapeneko hirugarren postuan dago, jokatutako 10 partidetatik zortzi irabazita, eta berdinketa eta porrot banarekin. Rocasa eta Elche ditu aurretik, bederatzi garaipenekin. Reyes Karrere entrenatzailearekin hitz egiteko aukera izan du IRUTXULOKO HITZAK, eta elkarrizketa bideo batean jaso du. Taldearen egoeraren inguruan aritu da Karrere, izan ere, ia bi hilabeteko atsedenaldiaren ostean, berriro Ligara itzuliko da. Lehen itzulia behintzat pozik bukatzeko bi helburu nagusi ditu Karrerek: “Irabaztea eta ondo jokatzea. Pentsatzen dugu ondo jokatzen badugu irabazteko aukera gehiago izango ditugula”. Hala ere, badakite Liga eskuratzeko faboritoak direla, eta helburu hori ere buruan dute. “Nabaritzen dugu jendeak esaten digula kalean, edo niri behintzat esaten didate, Liga hau gurea dela. Orduan, nik uste dut kanpotik erraza ikusten dela eta barrutik ez. Azkenean, lan asko egin behar da partidak irabazteko, eta hori beti egin dugu. Orduan ikusiko da, ez dugu ziurtatzen, baina lan egingo dugula hori lortzen saiatzeko bai”, adierazi du entrenatzaileak.