Juan G. Andresek bere lehen argazki erakusketa aurkeztuko du gaur Egian
Inaugurazio ekitaldian Lou Topet musikariak joko du zuzenean
Ofizioz kazetaria bada ere, Juan G. Andres kazetariak (Donostia, 1977) ezin du argazkiak egin gabe bizi. 2006an hiriko musika emanaldietan argazkiak egiten hasi zen, eta artean zuzenean egindako milaka instante bildu ditu. Donostiako kontzertuetako argazkilari ofiziala bihurtu dela esan genezake lasai asko. Musikazalea bazara ziur ikusiko zenuen kontzerturen batean, zuzenekoaren emozioak irudikatzen.
Gaur bere lehen argazki erakusketa aurkeztuko du Egia kultur etxean, eta hilaren 31a arte izango da zabalik. Bertan ikus ahal izango ditugu bere irudi ikusgarrienak. Ez da lan erraza izan 40 argazki hautatzea; hori izan da, hain zuzen, gutxien gustatu zaion lana. Askotariko musikarien irudiak aukeratu ditu Zuzenean izeneko bilduma honetarako.
Kazetariari berdin zaio musikariaren ospea edo jatorria. Nazioartekoa ala bertakoa; beteranoa ala hasiberria. Juan G. Andresek zuzenekoen onena islatu nahi du bere argazkietan. Bob Dylan, Leonard Cohen, Antony and The Johnsons, Cindy Lauper, Jamie Cullum, Kiss eta Elvis Costello dira nazioarteko izarretako batzuk. Euskal musikari asko eta asko ikusiko ditugu erakusketa honetan: Rafael Berrio, Mursego, Joseba Irazoki eta Lobo Electrico, besteak beste.
Erakusketa bisitatzen duenak, gainera, kontzertuari buruzko lerro batzuk irakurri ahal izango ditu argazki-oinetan. Izan ere, Juan G. Andresek kontzertuetan gertatzen dena irudietan jasotzeaz gain, idatziz ere egiten du. Hain zuzen ere, haren musika kroniken zati batzuk aukeratu ditu argazki-oin gisa.
Mogambo, Gazteszena, Lugaritz kultur etxea, Kursaal Auditorioa, Trinitate plaza… Hiriko hainbat agertokitan egin diren hainbat kontzertutako momentuak ikus daitezke erakusketa honetan. Zaharrena 2006koa da, Yann Tiernsenek Gazteszena bete zuenekoa; berriena ere agertoki berean egin zuen, joan den azaroan, Ty Segallen emanaldian.
Inaugurazio ekitaldia gaur izango da, 20:00etan, Egia kultur etxean. Zuzenekoei buruzko argazki erakusketa, gainera, zuzeneko batekin zabalduko dute. Lou Toupet musikari zarauztarrak joko du.