Herrirako kideak, presoen senideak eta Aldundiko ordezkariak. (Argazkia: K. M.)
Herrirako kideak eta senitartekoak jaso dituzte gaur Gipuzkoako Foru Aldundian; bat egin dute larunbateko manifestazioarekin
Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Martin Garitanok harrera egin die Herrirako kideei zein euskal presoen senitartekoei. Bertan esan du, larunbateko manifestazioarekin bat egiten duela Aldundiak.
Gainera, gehitu du euskal presoekiko ezartzen diren kartzela politikekin amaitu behar dela; “uste dugu bizi garen garai honetan euskal presoekiko aplikatzen den salbuespen egoerak bertan behera egin behar duela; sakabanaketa amaitu behar da, gaixo dauden hamahiru presoak kalean behar dute egon, eta Strasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak emandako auzia bete egin behar da. Beraz 67 presok kalean behar lukete egon”, azaldu du.
Espainia eta Frantziako Gobernuengana ere zuzendu da: “Gure ustez gaur egun Espainiak eta Frantziak daramaten presoekiko politikak, mina eta samina sortzen du Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan”, adierazi du. Eta amaitzeko, bakearen aldeko Aldundiaren jarrera azpimarratu du: “Horregatik berriro ere, berretsi nahi dugu gure konpromisoa bake bidearekin eta normalizazio politikoarekin; horregatik egongo gara urtarrilaren 12an Bilbon”, azaldu du.
“Mobilizazio erraldoia izango da”
Herrirako kide Beñat Zarrabeitia ere harreran izan da. Berarekin batera, Herrirako kide Nagore Gartzia, Aitzol Gogorza preso gaixoaren Ama eta Ramon Uribe presoaren arreba. Zarrabeitiak azaldu duenez, larunbateko aldarrien eta egun ematen ari diren euskal presoekiko eskubide urraketen testigantza ematera joan dira. Adierazi du, urtarrilak 12ko manifestaziorako lau egun falta direnean, oraindik atxikimendu ugari jasotzen ari direla. Gainera larunbateko manifestazioan euskal jendartearen ahotsa entzungo dela; “uste dugu larunbatean euskal jendartearen gehiengoak giza eskubideen urraketa hauekin amaitzea argi eta garbi eskatuko duela eta konponbidean eta bakean aurrera urratsak ematea eskatuko duela era nabarmen batean”, azaldu du. Manifestazioa erraldoia izango dela uste dutela azaldu du; “ziur gaude larunbatean mobilizazio erraldoia izango dela, historikoa”, amaitu du.