'Lluvia de angeles sobre Paris' antzezlana taularatuko dute Viktoria Eugenian
Lluvia de angeles sobre Paris antzezlana iritsiko da Viktoria Eugenia Antzokira. Ostegunean eta ostiralean egongo da komedia ikusteko aukera, 20:00etan. Alfonso Sastre da obraren egilea, Antonio Malonda, berriz, zuzendaria da, eta Bululu konpainiako zazpi aktorek interpretatuko dute: Javier Sotorres, Emi Cainzos, Jesus Rodriguez, Lucia Esteso, Carlos B. Rodriguez, Yolanda Rino eta Ruben Martinez.
Sastre madrildarra da, Bululu konpainia bezalaxe, baina aspaldiko urteetan Euskal Herrian bizi da. Antzezlan ugari idatziak ditu Sastrek, baita filosofia liburuak ere, baina bere antzezlan gutxi taularatu direla nabarmendu du gaur eguerdian egindako aurkezpenean. “84 antzezlan dauzkat idatziak, eta horietatik 51 taularatu dituzte, nahiz eta oso gutxitan izan”, aipatu du Sastrek. Lluvia de angeles sobre Paris 1994ean idatzi zuen, eta inoiz antzeztu duten arren, sekula ez dute antzoki komertzialetara eraman. Bululu konpainiak uztailean estreinatu zuen obra Madrilen, eta orain Donostian ikusteko aukera izango da. Parisen gertatuko da antzezlan guztia, eta zerutik bota dituzten aingeruz beteko da. Egoera horrek gertaera barregarriak sortuko ditu, eta gizarte kritika egingo du obrak. Gainera, bukaerak publikoa harrituko duela aurreratu dute.