Lurraldebus txartela erabil daiteke Euskotreneko zenbait lineatan
Lasarte-Oria-Hendaia ibilbidean gaurtik abian da zerbitzua
Gaurtik aurrera Lurraldebus txartelarekin ordaindu daiteke Euskotren konpainiako zenbait lineatan. Oraingoz, Lasarte-Oria-Hendaia tren zerbitzuan egin daitezke ordainketak Lurraldebus txartelarekin. Urtarrilaren 22tik aurrera, Donostia-Elgoibar ibilbidean ere abian jartzeko asmoa dute
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez aurrerapauso hau martxoaren 4an Txartel Bakarra indarrean jarri bitartean beste pauso bat da. Aurretik ere eman dira beste pauso batzuk, esate baterako, Dbuseko eta Errenteriako eta Irungo herri barruko zerbitzuetan ere Lurraldebus txartela erabiltzea ahalbidetuz. Orain Euskotrenen ere erabilgarri izango da Lurraldebus txartela. Bidaiaren tarifa Euskotreneko 10 bidaiako bonoarekin ordaintzen den tarifa bera izango da, eta Euskotrenen zonifikazioaren arabera ordainduko da. Tarifa horiek martxoaren 4ra arte mantenduko dira, hortik aurrera, Txartel Bakarra indarrean sartuko denez, Gipuzkoako garraio publikoko tarifak bateratu egingo dira garraio modu desberdinak erabili arren.
Euskotreneko geltokietan Lurraldebus txartelarekin ordaintzen duenak geltokietako sarreran eta irteeran pasatu beharko du txartela makinatik. Lurraldebuseko talde berezietako txartelak ezin izango dira erabili tren lineatan.