Organikoa jasotzeko edukiontziak auzo guztietara zabaltzeko eskatu du PSEk
Udal ordenantza aldatzeko proposamena egin dute, hondakinen inguruko aldaketak jasotzeko.
Birziklapen maila igotzeko, materia organikoak jasotzen dituzten edukiontziak hiri osora zabaltzea proposatu du PSEk. Horretarako, udal ordenantzan aldaketak egiteko proposamena egin dute. Aldaketa horietan, materia organikoa jasotzeko edukiontziez gain, erabilitako olioa jasotzekoa, telak jasotzekoa eta garbiguneak kontuan edukitzea eskatuko dute. Egun, Amaran eta Grosen daude organikoa jasotzeko edukiontziak; PSEk auzo guztietan jartzeko eskatu du.
Zazpi urtean %60a
PSEko zinegotzi eta San Marko mankomunitateko presidente Denis Itxasok egindako agerraldian, materia organikoa jasotzearen aldeko jarrera azaldu du. Esan du helburua izan litekeela 7-8 urtean Donostian egun birziklatzen den %33tik, %60ra igotzea.
Bestalde, Bilduk oztoporik ez jartzea espero duela esan du, batez ere oztopo ekonomikoei dagokionez. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundian PSE-EEk 500.000 euroko diru laguntza eskatu du bosgarren edukiontzia jartzeko.