
Lehiaketaren aurkezpena egin dute gaur goizean; ezker eskuin, Antton Kazabon idazlea, Lierni Mendizabal koordinatzailea eta Patxi Gallego ilustratzailea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Elkar argitaletxearen bosgarren ilustrazio eta ipuin lehiaketa abian da, eta xehetasunen berri emateko aurkezpena egin dute gaur goizean. Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea da helburua, eta horretarako, bi proposamen egin dituzte aurten ere.
Batetik, 2008 eta 2003 urteen artean jaiotako haurrek marrazki bat egin beharko dute,
Parke bakartia ipuina oinarri hartuta. Antton Kazabon idazle oiartzuarra da ipuinaren egilea, eta ipuinak haurrei elementu asko marrazteko aukera emango diela esan du. Bestetik, 10-16 urte arteko gaztetxoek ipuin bat idatzi beharko dute, ilustrazio bat oinarri hartuta. Errenteria-Oreretako Patxi Gallegok sortu du marrazkia, hainbat elementu elkartuz: gizonezko lamia bat pelikano batekin kartetan jolasten, kaioak hegan, neska bat uretan, hegazkin bat…
Gallegoren ustez, hainbat pertsonaia egoteak elkarrizketak sortzeko aukera emango die gaztetxoei. Hori bai, marrazkia egiteko buruhauste ugari izan zituela onartu du. “Izan dudan eskaerarik xelebreena izan da, eta obsesionatu egin nintzen”, aipatu du marrazkilariak.
Lehiaketaren epea gaur zabaldu dute eta apirilaren 19ra arte egongo da lanak bidaltzeko aukera. Marrazkiak eta ipuinak Elkarreko edozein dendatan utz daitezke, eta Internet bidez ere bidal daitezke,
Elkarren webgunetik.