
Ivan Paunic jokalariak mediku azterketa igaro du gaur goizean. (Argazkia: GBC)
Lagun Aro GBCko eskolta berria Donostian da dagoeneko, eta mediku azterketa igaro du gaur goizean, Egiako Quiron erietxean. Ivan Paunic (Belgrado, 1987) izena du eta gogoz iritsi da hirira. 25 urte ditu, 1.94 metro neurtzen du eta 90 kilo ditu. Paunicek eskarmentua du Italia, Errusia, Grezia, Serbia eta Ukraniako ligetan, baina lehen aldiz parte hartuko du ACB Endesa Ligan. Ukraniako Azovmash Mariupol taldetik dator.
Jokalariak adierazi du oso pozik dagoela Lagun Arora etortzeaz. “Talde handia da. Klubak oso antolakuntza ona duela entzun dut, eta mundu guztiak daki ACB Europako Ligarik onena dela, talde handi asko baitaude. Onenen aurka jokatzen ikusi nahi dut nire burua, eta taldeari egoera honetatik ateratzen lagundu”, aipatu du jokalariak.
Mediku azterketa igaro ostean, gaur arratsaldean taldekideekin lehen entrenamendu saioa izango du Paunic-ek.