Bizikletak uzteko aparkaleku berri bat egin dute San Juan kalean
Motorrentzako aparkalekua Argentinako Errepublika kalera aldatu dute; motoak uzteko leku kopurua igoz
Parte Zaharrean, bizikletak uzteko gune berri bat jarri dute. Eremu hau San Juan kalean kokatu dute, lehenago motorren aparkalekua zegoen tokian. Bertan, 45 bizikleta uzteko lekua egongo da. Egun, Parte Zaharrean 584 bizikleta uzteko lekua dago.
Orain arte, motorrentzako aparkalekua zegoen San Juan kalearen bi aldeetan; guztira 45 motorrentzako lekua zegoen. Orain, alde bat bizikletentzako egokitu dute; eta bestea, libre utzi. Hala ere, motorrek aparkatzeko beste bi gune jarri dituzte. Zehazki, Argentinako Errepublika kalean 70 plaza berri izango dira, eta Txu-Txu trenarentzat gordeta zegoen aldean, 25 leku. Denek, 21:00etatik 9:00etara aparkatzeko aukera izango dute.
Mugikortasuneko zinegotzi Jon Albizuk azaldu duenez, udal gobernuak apustua egin du Parte Zaharreko motorizazio maila murrizteko. Hori lortzeko neurrietako bat, bizikletei bidea irekitzea izan da: “Iaz motorren aparkaleku irregular asko kendu genituen, antolamendu berria egin genuen. Hari esker, kaleen noranzkoak aldatu ahal izan ditugu eta zamalanak egiteko guneak sortu. Aurten, bizikletak aparkatzeko gune gehiago sortu ditugu. Begien bistakoa da gure apustua dela Parte Zaharra oinezkoentzat izatea”, azaldu du.