Antiguan, festarako prest
Txupinazioa 19:00etan egingo dute eta ondoren hainbat ekimen
Ostiralean hasiko dira Antiguako jaiak. Urtarrilaren 20a bitartean hainbat ekimen eta egitarau zabala izango dute antiguatarrek eta inguratzen direnek. Bihar bertan, jaiei hasiera emateko, txupinazoa egingo dute 19:00etan. Txupinazioa jatekoarekin lagunduko dute eta ondoren, 20:00etan, auzoan zehar Poteo Elegantea egingo dute Iraunkorra Txarangak lagunduta.
Gauean dantzan jarraitzeko, Auzorock 2013 egingo dute hainbat kontzerturekin. Bertan joko dute, Besteik-pe, Proiekto Nombre eta Ai Ene! taldeek.
Mus txapelketa azkarra
Batzuek rockaz gozatzen duten artean, besteek XIII. mus txapelketa azkarra jokatu ahal izango dute ordu berean. Txirain Elkartean bertan (Erregezain kalea 34) jokatuko dute eta bikoteko 15 euro jarri beharko dute parte hartzaileek. Jokoa lau erregetara eta 20 tantoko hiru usteletara jokatuko da. Sariak, hainbat izango dira. Lehenengoentzat, arkume bat eta bi xanpain botila. Bigarrenentzat bi txuleta eta bi ardo botila, zehazki, Errioxako erreserbak. Hirugarrenentzat, azkenik, bi oilasko eta bi ardo botila, Errioxako onduak.