Anoeta estadioaren kanpoaldea (Argazkia: Estitxu Zabala).
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak behin-betiko onarpena eman dio “AM.08 Anoeta” Hirigintza eremuari dagokion Hirigintza Ordenamenduko Plan Orokorraren Aldaketari. Pauso hau berebizikoa da Anoeta estadioaren erreforma bideragarri egiteko.
Gobernu Batzordeak dokumentuari behin-behineko onarpena eman eta gero, urtarrilaren 31ko Udalbatzara eramango da berresteko. Udalbatzak behin-behineko onarpena aho batez eman zion dokumentuak lurraren jabetza publikoa bermatzen du. Gainera, estadioaren lau izkinatan hirugarren erabilerako eraikinak egitea baimentzen da.
Onartutako testuak 15.800 metro koadrora arte eraikitzea ahalbidetuko du. Bestalde, eraikinen altuera murrizten da, 26,5 metrotan ezarriz, hasieratik Udal Gobernuak planteatu zuen bezala. Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek adierazi du hurrengo Udalbatzak “aukera paregabea daukala estadioaren erreforma egitea ahalbidetzen duen hirigintza tresna ematen duen behin-betiko dokumentua onartzeko, lurraren jabetza publikoa bermatu eta miniestadioaren erreforma hirigintza zama gisa ezarriz, atletismoaren praktikarako oso garrantzitsua. Gainera, Udalak dirurik jarri behar ez duen eskusartzea da.
Errugbia Anoetan egiten den beste jarduera bat da eta azpiegitura berriaren neurriek kirol hau praktikatzen jarraitzea ahalbidetuko dute. Dokumentu honek 40.000 lagunentzat tokia duen estadioa aurreikusten du, gutxi gorabehera 62,5 milioi euroko kostuarekin eta 4 urte inguruko exekuzio epearekin. Idatzitako proiektuan kontuan hartu da gainera txapelketak dauden hilabeteetan gutxieneko edukiera 27.500 eserlekukoa izatea, garai haietan ere erabili ahal izan dadin.