Nerea Txapartegi, haur danborradako protagonista batzuekin. (argazkia: K. M.)
Guztira, 4.766 haurrek hartuko dute parte danborradan; 43 ikastetxe eta 50 konpainiatan banatuta.
Haur danborradarako sei egun falta direla, gaur egin dute aurkezpena. Bertan izan dira Kultur zinegotzi Nerea Txapartegi eta Ikasbide eta Larramendi ikastetxeko haur ordezkariak ere. Denek argi dute: ereserki zaharra izango da aurteko protagonista.
Guztira, 4.766 haurrek hartuko dute parte 12:00etan Alderdi Ederretik abiatuko den haur danborradan. Horietatik %53,51 neskak izango direla ere azpimarratu du Txapartegik. Kultura delegatuak gogorarazi du auzoetan irteten diren haurrak kontuan izanda, guztira 7.500 haur direla danborradan parte hartzen dutenak.
Aurten gainera, haur danborradak bi ikastetxe gutxiago izango ditu, hain zuzen ere, Marianistak, Mariaren Konpainia eta Belen ikastetxeak bat egin dutelako, Summa Aldapeta izenpean. Bestalde, zazpi ikastetxek bina konpainia aterako dituzte, urtero bezala.
Pozez eta ohorez
Aurten danbor nagusia, Ikasbide ikastolako Aimar Ezeiza izango da. Azaldu duenez, ohore bat izango da 5.000 haurren aurrean zuzentzea, eta ez du ahaztu nahi izan, aurten, bigarren mendeurrena eta ereserki zaharra izango direla protagonista; “eta baita ere, Sarriegi. Hil zenetik ehun urte bete dira-eta”, gogorarazi du. Larramendi ikastetxeko Sara Huegun aldiz, jeneral nagusia izango da aurten; “egun handia da, 200 urte pasa dira hiria erre zenetik”, esan du, eta nahi duena inguruko denek ondo pasatzea dela gaineratu du.
Noski, ez da falta izan Larramendi ikastetxeko Paula Gomez ere, aurtengo Easo ederra izango dena; “ohore handia da, hau bizitzan behin gertatzen baita, eta ziur nago gainera, dena ondo irtengo dela”, azaldu du. Gomezek ere ez du ahaztu bigarren mendeurrena.
Hotza bai, baina euririk ez
Txapartegik azaldu du, iganderako hotza bai, baina euririk ez dutela iragarri, eta beraz, espero dutela haur danborrada arazorik gabe ospatzea. Hala ere, azpimarratu du, euririk egingo balu, aurten jai eguna den 21ean egingo luketela; eta bestela, hurrengo igandean, hilaren 27an.