Reala turistentzat erakargarri bihurtu nahi dute
webgunean informazio eskuragarri dago dagoeneko turistentzat.
Realak, Donostia Turismok eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute Real Sociedad Irtenalditxoak sortzeko. Reala turistentzako erakargarri moduan erabili nahi dute, Donostiara eta Gipuzkoara bisitari gehiago etor daitezen. Gainera, kontuan izan dute, futbol lehiaketa profesionalak bereziki neguan jokatzen direla, beraz, udaratik kanpo futbolzaleak hirira erakartzeko era egokia dela uste dute. Realak denboraldia bukatu arte Anoetan jokatuko dituen Ligako partida guztietarako zabalduko dute eskaintza.
Asteburu honetarako jarri dute lehen eskaintza, eta ezin erakargarriagoa dela uste dute bultzatzaileek. Izan ere, bisitariek Reala eta Bartzelonaren arteko partidaz gozatzeaz gain, San Sebastian Eguna ezagutzeko aukera izango dute. Eskaintzak bi gau barneratzen ditu, eta lotarako Gipuzkoako hainbat leku proposatzen ditu, prezio merkeenetatik garestiagoetara. Asteburu honetarako, adibidez, 131 euroren truke eskuratu daiteke eskaintza merkeena. Noski, partidaren eta lo egiteko tokiaren araberakoak izango dira prezioak merkeagoak edo garestiagoak. Manu Narvaez Donostia Turismoko arduraduna da, eta bere esanetan zaila da ekimenak zenbat turista erakarri ditzakeen jakitea. “Halako eskaintza bat egiten dugun lehen aldia da, beraz, zaila da kalkuluak egitea. Hala ere, bi helburu nagusi ditu eskaintzak, batetik, turista gehiago erakartzea, eta bestetik, Donostia City break bihurtzea. Hau da, Donostia kontu askorengatik da hiri erakargarria, eta horietako bat futbola izan daiteke, beraz, hori baloratzea nahi dugu. Edonola, denboraldia bukatzean bisita kopuruen datu zehatzak izango ditugu”, azaldu du Narvaezek.
Donostia Turismoren