Abesti ezagunen errepasoa egin dute Musika eta Dantza Eskolan
Udalaren Musika eta Dantza Eskolak eta +55 taldeak antolatutako ekimen baten bidez, azken 50 urtetako abesti ospetsuenak errepasatu dituzte.
Hogeita hamar bat gizon eta emakume elkartu dira gaur Musika eta Dantza Eskolan. Eguraldi txarretik ihesi, gustura egon dira garai bateko abestiak entzun, gogoratu eta abestuz.
Laura Martin, +55 taldeko dinamizatzailearen arabera, “horixe da hain zuzen ere ekimen honen helburua: abestiak errepasatuz, gaztetako oroitzapenei astindu bat ematea, taldean parte hartzea eta noski, elkarrekin ongi pasatzea”.
Bi saiotan banatu dute abestien errepasorako tailerra. Aurreko astean 60. hamarkadarainoko abestiak entzun zituzten, eta gaur berriz, 70. hamarkadatik gaur egungo abestiak arte. The Beatles, Elvis Presley, The Doors, Estitxu, Imanol, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Mocedades, Amancio Prada, Los Mustang, Albert Hammond, Diango, Adamo… Asko dira abeslari, talde eta abesti esanguratsuak eta ia ezinezkoa da guztiak errepasatzea. Dena den, gazte garaiak gogoratuz, umore ederrean egon dira gaur bildu diren gizon eta emakumeak. Barrezka gogoratu dituzte, Txomin Eneako dantzalekuan igarotako uneak, adibidez.