Peio Almandoz (Martutene): "Kalte egin duten lan asko egin dira Urumean, baina inork ez du ardurarik hartu"
Peio Almandozek baratza bat du Okendotegin. Urak estali egin dizkio bart: “20.000 letxuga estali dizkit, orain ikusi behar nola geratu zaizkidan”, dio. Gainera, atzoko gaua ez du lasai igaro; “ahal dela, lo egiten saiatu behar da, baina ez da erraza”. Inoiz ez omen da jakiten zenbat igoko den ibaia, eta askotan komunikabideek larritasun handia ematen diotela uste du; “benetan jakingo balute etorriko dela, beste neurri batzuk hartuko lituzkete”, esan du. Irtenbideen inguruan uste du ardura handiak daudela hartu gabe, zehazki, bertan egin diren hainbat lanen inguruko ardurak; “lan asko egin dira ibaiaren inguruan, gero kalte egin dutenak, baina inork ez du ardurarik hartzen”, esan du. Berak ez du irtenbiderik berehala ikusten; “irtenbidea ez da ibai ertzean etxeak egitea, ibaiak bere bidea behar du”, azaldu du.