Juan Karlos Izagirre: "Alertan jarraitzen dugu"
Orain egoera egonkortu egin da, baina arratsalderako euria espero dute.
Udaleko ordezkarien agerraldian, azken ordu hauetako balorazioa egin dute. Juan Karlos Izagirre alkateak, atzoko larrialdi egoera hobetu bada ere, oraindik adi egongo direla azaldu du; “alertan jarraitzen dugu”, esan du.
Izan ere, Urumearen maila Martutene inguruan 3 metrotik beherakoa da, eta atzo gainezka egin zuten guneak bere onera itzuli dira. Baina hurrengo orduetan, arratsalderako, euria espero da berriz, nahiz eta larrialdi mailara ez iristea espero duten.
Bestalde, krisi mahaiak lanean jarraitzen duela adierazi du Izagirrek, bizilagunei uneoro informazioa ematen. Alerta mantentzen bada ere, lasaitzeko deia egin die auzotarrei.
Otsailean Morlansera
Etxebizitza eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek Txomin Eneako bizilagunen egoera gogoratu du. Esan du, eraberritze lanek eragingo dien 26 familiak, otsailerako Morlanseko jaurlaritzaren etxeetan hartzea espero dutela.