Malabo gazte jaialdia egingo dute Aiete kultur etxean
Rap, hip hop, funky eta reggae doinuak batuko ditu ekitaldiak; hilaren 26an egingo dute.
Gazteentzako jaialdi bat egingo dute hilaren 26an, Aiete kultur etxean: Malabo Gazte Jaialdia. Rap, hip hop, funky, eta reggae doinuak elkartuko ditu ekitaldiak. Parte hartzaileek, ikuskizun bat eta musika entzuteaz gain, erritmo desberdinak dantzatu ahal izango dituzte.
Jaialdi hau Kultur Etxeak antolatutako Malabo Ezagutzen zikloaren barruan sartuta dagoen ekitaldietako bat da. Aiete Kultur Etxean, Aieteko Caritasekin batera, Ekuatoriar Gineako Malabo hiriarekin elkarlanean hainbat ekintza programatu dira Malabo eta bide batez Afrika zerbait gehiago ezagutzeko.
Jaialdiko antolatzaileen artean, ekuatoriar ginear jatorria duten Karlos eta Sergio Ngema dantzari eta abeslariak daude, hirian oso ezagunak diren bi anaia. Hain zuzen ere, Karlos Ngemaren SLOWWW dantza taldea ere izango da jaialdian. Kaleko dantza, teknika, musikalitatea eta koreografia anitzak lantzen dituzte. DJ Nead-ek 7 urte baino gehiago daramatza musika jartzen. Hainbat lokaletan aritu da eta Euskal Herrian zehar ekitaldi askotan parte hartu du. 2003an Viña Rock aialdian izan zen zen. Saunah hip hop eta rap abeslaria ere izango da Aieten. Baita The Breathless, emakumezkoen dantza taldea ere. 2006an sortua, hip hop-az gain, beste estilo batzuk fusionatzen ditu.