Naturaren Argazkilariak erakusketako bi argazki. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Erdialdeko Kutxa Boulevard erakusketa gunean bi erakusketa zabalduko dituzte gaur arratsaldean;
Naturaren Argazkilariak 2013 eta
ONCEren XII. Nazioarteko Argazki Lehiaketa.
European Wildlife Photographer of the Year lehiaketako 81 argazkik osatzen dute
Naturaren Argazkilariak 2013 erakusketa. Naturari buruzko Europako argazki lehiaketarik garrantzitsuena da, eta partaideen lana ezagutaraztea da Kutxa Boulevarden helburua. Erakusketak bi areto bete ditu, eta bereziki, animalien argazki bitxiek eta ikusgarriek osatzen dute.
ONCEren erakusketaren irudia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
ONCEren erakusketa, berriz, Kutxa Boulevardeko beheko solairuan dago. Lehiaketa horretan ere mundu osoko argazkilariek parte hartu dute. Eguneroko bizitzaren zailtasunei duintasunez aurre egiten dieten milioika pertsonen lan isila goraipatu nahi izan dute. Lehen hiru argazki sarituek eta beste hainbat argazki ikusgarrik betetzen dute erakusketa gela.
Bi erakusketak otsailaren 24a arte egongo dira ikusgai; asteartetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Sarrera doakoa da.