Euskal presoen aldeko ikurra taula gainean, iaz (Argazkia: Donostialdeko Herrira)
Alkateari, taula gainean zein balkoietan inongo aldarrikapenik ez egotea bermatzeko eskatu dio.
Gaur egindako agerraldian, PPko zinegotzi Ramon Gomezek, San Sebastian egunean Konstituzio plazan, euskal presoen aldeko ikurrik ez egotea eskatu dio Juan Karlos Izagirre alkateari. Azaldu du, San Sebastian eguna donostiar guztien eguna dela; “bi kolorek izan behar lukete soilik protagonista egun horretan: zuriak eta urdinak”, adierazi du, eta ez dela aldarrikapen egun bat.
Udaleko ordezkarien bileran, batik bat, danborradakoa edo prentsakoa ez den inori taula gainera igotzen ez uzteko eskatu du PPk. Baita ere, balkoietan euskal presoen aldeko ikurrik ez egoteko bermatzea; “nazkagarria iruditzen zaigu, terroristen aldeko pankartak egotea”, esan du.
Gainera, gogoratu du, aurten balkoietan herritarrak egongo direla, eta garrantzitsua dela haiek inongo ikurrik ez eramatea kontrolatzea; “alkoholik eramaten utziko ez zaien bezela”, esan du. Halakorik egingo luketenei, gainera, ikurrak kendu eta haien identifikazioa hartzeko eskatu dute.
Alkateak bere aldetik, inongo ilegalitaterik ez egitea bermatuko duela erantzun diela esan du Gomezek.
Gainera, abisua eman dute, aurten horrelakorik ikusi ezkero, “neurriak” hartuko dituztela; “ez soilik salaketa publikoaren bitartez”, azaldu du.