Zinemaldiko kartel lehiaketa abian da
Jaialdiak kartelak hautatzeko sareko bigarren lehiaketa deitu du
Iazko arrakastaren ondoren -1.307 proposamen aurkeztu ziren-, Zinemaldiak berriz ere kartel lehiaketa sarean jarri du abian. Lehiaketa, proposamenak aurkeztu nahi dituzten diseinatzaile guztiei irekita dago, eta herritarrek kartelik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Epaimahai batek irabazlea hautatuko du boto gehien lortzen duten lanen artean. Era berean, irabazle suertatzen diren lanen aldeko botoa ematen dutenen artean sariak zozketatuko dira.
Honako sail hauetan aurkeztu ahal izango dira 61. ediziorako kartelak: Ofiziala, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi eta Perlak. Parte-hartzaileek sail bakarrera edo guztietara aurkezteko aukera izango dute, eta, gainera, nahi beste kartel aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara.
Izena ematea eta proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 17an hasi, eta otsailaren 25ean amaituko da. Herritarren bozketa, berriz, otsailaren 28an hasi eta apirilaren 1ean bukatuko da. Apirilaren 2an plazaratuko dituzte 20 finalistak. Kartel irabazleen eta aipamen berezia dutenen jakinarazpena: maiatzaren 10ean.