Zinemaldiko 'Perlak' atala sail independente bilakatu da
Zinemaldiaren hurrengo ekitaldian orain artean Zabaltegi atalaren zati izan den Perlak izeneko film sorta atal independente bilakatuko da. Euskal Herrian eta Espainian estreinatu gabeko urteko film luzerik onenen hautaketa bat izango da Perlak, kritikak txalotuak nahiz nazioarteko beste zinemaldi batzuetan sarituak, betiere. Perlak ataleko film guztiek dute Publikoaren saria jasotzeko aukera. Film bakoitzaren lehen proiekzio publikora agertzen diren ikusleek emango dute saria. Zabaltegi, berriz, urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei irekitako atal bihurtu da. Lehiaz kanpoko atal honetan ez dago arau formalik ezta gai-mugarik ere. Hala, berriro heldu nahi dio Zinemaldiak Zabaltegiren jatorrizko izaerari, atzera ere programazioaren barruko benetako gune ireki izan dadin. Erabaki horrekin Zinemaldiak iaz hasitako atalen berritzearekin jarraitu nahi du; orduan, izan ere, Zuzendari Berriak atal independente egin baitzuen.