Danborradarako urduri eta gogotsu daude haurrak
Gaur aurkeztu dute haur danborrada, Viktoria Eugenian egindako ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Juan Karlos Izagirre alkatea, Kultura ordezkari Nerea Txapartegi eta udal taldeetako hainbat ordezkari.
Karguen aurkezpenean, ikastetxe bakoitzeko danbor nagusiak igo dira oholtza gainera. Ondoren noski, Larramendi ikastetxeari egokitu zaizkion pertsonaiak igo dira. Besteak beste, Paula Gomez, Easo Ederra izango dena eta Sara Huegun, Jenerala izango dena egon dira bertan. Easo Ederrak disfrutatzeko deia luzatu du. Bestalde, Ikasbide ikastolako danbor nagusi Aimar Ezeizak asko entseatu dutela esan du, eta ziur dagoela dena ondo aterako dela.
Alkateak bestalde gogorazi die igandean Donostiako enbaxadore izango direla; “Euskal Herri osoa egongo da zuei begira, eta ziur nago oso ondo egingo duzuela”, esan du.
Haur danborradaren aurkezpena Oraitz Garciak gidatu du. Hainbat ikuskizun egin dituzte haurrentzat, eta bertan izan dira, lehenengo, Kiki, Koko eta Moko pailazoak barre algarak, dantzak eta kantuak sortzen.
Halako batean, aretoan sartu da Maikrux, Atsuak saioko kidea. Lasai egoteko esan diei haurrei, igandean eguraldi ona egingo duela dakielako, eta ondo pasatzeko.
Bertan izan dira baita ere, haur danborradako kideei animoak ematen, Donostiako soin erritmikoko kideak eta Realeko belar hockey jokalariak.
Bukatzeko, San Sebastian martxa jo dute gogor denek batera, iganderako duten gogoaren erakusle.