Izagirrek kaia birmoldatzeko proiektuari heltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari
Ingurumen sailburuak arazoari konponbidea bilatzearen aldeko jarrera adierazi dio Juan Karlos Izagirre alkateari
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek kaia birmoldatzeko proiektuari heltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketako sailburu Ana Oregiri, aste honetan Gasteizen izan duten bileran. “Arrantza sektoreak Donostiaren garapenean izan duen garrantzia” nabarmendu du alkateak, eta “bertako kultur ondarearen parte” dela gaineratu du, eta “ezin dela galtzen utzi”. Horretarako, aurreko Jaurlaritzak 2010ean Kofradiarekin hitzartu zuen proiektuak, kaia birmoldatzeari lotutakoak, bertako arrantzaleen etorkizuna bermatzeaz gain, arrantzaren inguruko jakintza zabaltzen eta balio erantsi bat izango duen turismoa erakartzen lagunduko duela adierazi dio alkateak sailburuari.
Donostiako Arrantzaleen Kofradiaren behin-behineko itxierarekin eta arrantzaleen egoerarekin kezkatuta, Jaurlaritza berria osatu bezain laster, alkateak bilera eskatu zion sailburuari, aurreko gobernuak Kofradiarekin hitzartu zuen hitzarmena abian jartzeko eta Kofradia berriz irekitzeko neurriak har zitzan eskatzeko. Sailburuak arazoari konponbidea bilatzearen aldeko jarrera adierazi dio Juan Karlos Izagirre alkateari.
Alkatearen ustez, Kaia birmoldatzeko proiektua abian jarriz gero, Arrantzaleen Kofradiaren egoerari irtenbidea emateko aukera egongo litzateke. Arrantzaleen egoerarekin bereziki kezkatuta dagoela adierazi du: “Une honetan, arrantzaleak oso egoera zaila bizitzen ari dira, eta gainera, harrapatzen dituzten arrainak kanpoko portuetan saldu behar dituzte. Udalak egoera hau bideratzeko ahalegin guztiak egingo ditu”.