Sheshenarena danborradaren inguruan esandakoak argitu nahi izan dituzte
Parte Zaharreko danborrada batzordeak ohar bat atera du, danborrada berri honekin zergatik ados ez dauden azaltzeko.
Sheshenarena danborrada modu gatazkatsuan sortu zen eta Parte Zaharreko danborrada batzordeak aho batez adierazi zuen danborrada berriaren “zilegitasun eza”. Izan ere, Sheshenarena ez zela auzoko elkarte, sozietate edo eragile bat argudiatu zuten. Hain zuzen ere, elkartearen egitura formala (Sheshenarena Kultur Elkartea), espreski danborradan ateratzeko sortu dutela azaldu zuten. Gainera, partaideetako asko ez dira auzokoak.
Hori guztia dela eta, Parte Zaharreko danborrada batzordeak erabaki zuen elkarte gastronomikoek ez dutela Sheshenarena danborrada jasoko eta ez dituztela bandera igoera ez jaitsierara gonbidatuko. Azken egunetan ordea, hainbat gauza entzun dira erabaki horren inguruan, eta batzordeak ohar bat luzatu du, hainbat gauza argitzeko asmoz.
Gehitu dute, ohar honekin bat ez direla etorri Arrano Beltza eta Herria danborradak, gaiari buruz iritzi kontrajarriak dituztelako beren arduradunek.
Eskubidea bai, zilegitasuna ez
Lehenik eta behin argi utzi nahi izan dute, donostiar guztiek eskubidea dutela danborradan ateratzeko.
Azaldu dute, Parte Zaharrean danborrada sortu zenetik, bertako elkarte, soziedade eta auzoan jarduera eta erroak dituztenek parte hartu izan dutela, eta horrek horrela jarraitu behar lukeela. Izan ere, auzoan leku falta eta danborrada asko dagoela uste dute. Gainera, sortu berri den Sheshenarena elkarteak, jada auzoan lan egiten duten beste hainbat elkarteri aukera kentzen diela azaldu dute. Gaineratu dute, Sheshenarenak ez duela auzoarekin inongo loturarik.
Bestalde, erantzun egin diote batzuek eman nahi izan duten itxurari. Izan ere, batzuek, Parte Zaharreko gastronomia elkarteek, gizonentzako bakarrik diren danborradak defendatu nahi dituztelako eman diotela ezezkoa Sheshenarena danborradari esan dute. Hori ere gezurtatu nahi izan dute, izan ere, Parte Zaharreko danborrada asko gizon eta emakumezkoek osatzen dituzte, eta babes osoa dutela esan dute.
Azkenik, danborrada batzordearen irizpideak kontuan hartzeko eskaria egin dute. Hala izan baita orain arte, eta gogorarazi nahi izan dute, aurten beste bi danborrada proposamen egin dituztela eta batzordearen babes osoa jaso dutela.
Ohar osoa irakurgai hemen.