Urumeako lanek bizikletak baztertzen dituztela uste du Kalapiek
Proiektu berrian bidegorririk ez dagoela, eta oinezkoentzako ibilbidea oso mugatua dela dio.
Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Donostiako Udalak Urumea ibaia bideratzeko proiektua eta Martutene auzoaren antolamendu berria aurkeztu zituzten iaz, abenduaren amaieran. Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak proiektu berri honetan bizikletak ez baztertzeko eskatu du ohar baten bidez: “Etsigarria da gaur egun azpiegitura obra handiak egiten direnean alderdi hauek oraindik alde batera uzten direla ikustea”.
“Kalapiek badaki uholdeen arazo larria konpontzeko irtenbidea bilatu behar dela baina, hala ere, publikoki eskatu nahi du gure hiriarentzat guztiok nahi dugun eta hain kutsatzailea ez den mugikortasun eredua lortzeko eskakizunak ez daitezela alde batera utzi”, adierazi du elkarteak.
URAk eta Udalak aurkeztu duten proiektuan, ibaiertzetan bidegorririk ez dagoela esan du elkarteak, eta oinezkoentzako ibilbidea oso mugatua dela: “Tarte honetan guztiz ahaztu dute Urumea ibaia oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak egituratzen dituen ardatz naturala dela, hiriko gainerako tokietan jada onartutako errealitatea den arren.
Urumeako proiektu berrian ibaiaren alboan txirrindularientzat dauden ibilbideei jarraipenik ez zaiela ematen azaldu du Kalapiek: “Hain zuzen, Txomin Enea auzoan, Udala Urumearen ezkerraldetik bidegorri proiektu bat prestatzen ari den aldi berean, horrekin konektatu ezingo den proposamen hau aurkezten da”.
Donostia 2106 Europako Kultur Hiriburuaren testuingurua ere kokatu du mugikortasunaren inguruko afera hau: “Europako Kultur Hiriburuaren testuinguruan, onartezina da Urumearen ibaiertzak Europako hirietako ereduetatik hain urrun gelditzea, non ibaiak hiriko eta hiriarteko ibilbideen ardatzak baitira”.
Udalak aurkeztu duen antolamendu proiektuan, bide, bidegorri eta espaloien trazadura motordunen zirkulazioari lehentasuna ematen dion logikan oinarrituta dagoela kritikatu du Kalapiek: “Urumeako autobiak Donostia-Hernani errepide zaharraren zirkulazioa xurgatzen duen unean, komeni da Martutene auzoan errepide zaharraren eta aurkeztutako antolamendu berriaren diseinuaren inguruan hausnarketa egitea, bertan biribilguneek, bideen bikoiztasunak eta hauen neurriek autoei, txirrindulari eta oinezkoen kalterako, mesede egiten jarraituko
duen etorkizuna iradokitzen dute eta”.
Martutenen aurreikusi diren aldaketak kontuan hartuta, eta mugikortasun eredu iraunkor bat lortu ahal izateko, Kalapieren iritziz elkarteak aipatutako arazoak kontuan hartzea “gutxieneko eskakizuna” da.