
Messi, Realeko bi jokalarien artean. (Argazkia: Realsociedad.com)
San Sebastian eguna iristeko ordu gutxi falta direnean hasi da festa, baina Anoetan, ez Konstituzio plazan. Realak garaipen bikaina lortu du Bartzelonaren kontra, 0-2ko emaitzari buelta eman eta gero (3-2). Azken minutuan eskuratu dituzte donostiarrek hiru puntuak, gainera; Agirretxek luzapenean egin baitu 3-2koa.
Aukera asko izan ditu Bartzelonak lehen zatian, eta bi gol lortu ditu hasierako minutuetan. Messik 7. minutuan egin du lehena eta Pedrok, 25. minutuan, bigarrena. Zutoina lagun, Bravok ez ditu gol gehiago jaso. Hala ere, txuri-urdinek ez dute amore eman eta aldea murriztea lortu dute atsedenaldira iritsi aurretik. Chori Castrok 40. minutuan egin du 1-2koa.
Bigarren zatia eromena izan da realzaleentzat. 56. minutuan Piquek bigarren txartel horia ikusi du, eta Realak hamarren kontra bikain jokatu du. Chori Castrok berdinketa lortu du 62. minutuan eta Agirretxek, 91. minutuan, 3-2koa jarri du. Eromena, harmailetan.
Bartzelonak lehen porrota jaso du horrela aurtengo denboraldian, Ligan. Reala Lehen Mailara itzuli denetik, Bartzelonak oraindik ez daki Donostian irabaztea zer den.