Denis Itxaso PSE-EEko ingurumen gaietako arduradun eta San Marko Mankomunitateko lehendakariak aitortu du PSE-EEk galdutzat jo duela agintaldi hau Zubietako errauste plantarentzat. “Dagoeneko badakigu errauste planta ez dela egingo, baina, gutxienez, aurrera egin dezatela adostasuna dagoen arloetan, asko baitago oraindik egiteko”, esan du Itxasok. Izan ere, PSE-EEk uste du alderdi guztiak bat datozela tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) plantak eta biometanizazio plantak egin behar direla, Zubietako eremuan bertan haietako bi. Itxasok salatu du azpiegitura horiek aurreratzeko ere Bilduk ez duela ezer egin.
Edonola ere, PSE-EEk ez du onartuko “hamarkadetako desadostasunen” ondoren hitzartutako proiektuak betiko baztertzea. Alde horretatik, errauste planta behin betiko baztertzen badute PSE-EE aurrean izango dutela ohartarazi dio Bilduri. Hain zuzen ere, negoziatzeko orduan hori izango da sozialisten “marra gorria”, Itxasok adierazi duenez. Izan ere, prest agertu da EH Bildurekin batzeko hondakinen gatazkari irtenbide bat ematen saiatzeko. “Sozialistak prest gaude hitz egiteko, baina ez dugu ahaztuko batzar nagusietan, hiru mankomunitatetan eta hiri jendetsuenetan Bilduk ez duela gehiengorik”.

Denis Itxaso, eskuinean, Ernesto Gasco alderdikidearen ondoan, aurreko agerraldi batean (Argazkia: Kattalin Miner).