'Krisiak' izango dira protagonista, 44. Bertso Egunean
Gaur aurkeztu dute 44. Bertso Eguna, Bertsozale elkarteko Jon Agirresarobe eta Juan Karlos Izagirre alkateak. Urtarrilaren 26an egingo dute eta aurten protagonismoa, krisiak izango du, baina bere zentzu zabalenean. Izan ere, jendartean bizi den krisiaz zein pertsonalez arituko dira; “bizitzan hartu beharreko erabakiak dira”, esan du Agirresarobek.
Egitaraua oparoa izango da 12:00etatik hasita. Eguerdian, Konstituzio plaza, Bretxan eta Bulebarrean arituko dira hainbat bertsolari. Zehazki, Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barrosok egingo dute bertsotan. Dantzak ere lagunduko du saioa Haatik konpainiaren eskutik.
1.300 sarrera salduta dagoeneko
Arratsaldean, saio nagusia egingo dute, urtero bezala, Kursaalen. Guztira 1.800 sarrera atera dituzte, eta dagoeneko 500 bakarrik daude salgai bertsosarrerak.eu webgunean. Bertsotan Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Ramuntxo Christy, Jon Maia, Ander Solozabal, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jone Uria, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz eta Uxue Alberdi arituko dira. Baina horrez gain beste ikuskizun batzuk egingo dituzte, esaterako, Xabier Lizaso piano jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak Bi arreba emanaldia egingo dute. Gainera, Markiñako Abarka antzerki taldeak ere ikuskizuna eskainiko du. Saioa 18:00etan egingo dute.
Gauean afaria izango da, Kursaalen hau ere. Hain zuzen ere, Nineu jatetxean. Afarirako sarrera guztiak salduta daude dagoeneko, baina lortu dituztenentzat, bat-bateko saioa egingo dutela iragarri dute, nahiz ez duten esan izan nahi zein arituko diren. Giroa berotzen, Karma taldearen erromeria izango da.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Bertso Eguna zoriondu du bere ibilbide luzeagatik. Hain zuzen ere, 1968an egin zuten lehena Donostian, eta 1970ean eta 1980an izan ezik beti egin da hirian. Zoriondu eta eskertu ditu baita ere, bertan boluntario zein profesional lanean aritu diren guztiak.

Beñat Gaztelumendi añorgatarra, bertso saio batean (Argazkia: gpuntua).