"Bi harri erori ziren auto albora"
Lasaitasunez hartu dute luizia ingurukoek, baina errepidea lehenbailehen irekitzea nahi dute.
Larunbatean lehen harriak erori ziren Igeldoko itsasargi zein funikularrera doan Satrustegi hiribidean. Sinda Domarco Ondarretako tenis pistetan ari zen jokatzen, eta berehala mugitu zuen autoa badaezpada ere; “bi harri erori ziren auto albora, eta abisatu egin ninduen lagun batek, lehenbailehen mugitu nuen autoa eta eskerrak!”, azaldu du. Mendia “abisatzen” ari zela uste du, eta ez du arrazoirik falta, izan ere, atzo, 23:30ean, atzetik jauzi zen gainontzekoa. Ordurako, udaltzaingoak errepidearen noranzko bat itxita zuen; luiziak jarritako babes hesiak jan ditu.
Goizetik, errepidea itxita dago bi noranzkoetan, eta udaltzaingoek itsasargira eta funikular aldera pasatzeko Wimbledon taberna gurutzatu behar dela adierazten die oinezkoei. Hala, mugimendua dute goizetik tabernan. Bertan, dago ohi bezala, Pablo Gimenez. Han egoten da normalean, eta asteburuan ere bertan izan da. Ia kalterik ez sortu izanak lasai egoteko arrazoi dela uste du; “eskerrak udaltzaingoak gutxienez errepideko noranzko bat itxi zuen eta hor zeuden, bestela batek daki zer izan zitekeen”, dio. Gimenezek 70 urte daramazki tenisaren inguruan, eta ohikoa ez bada ere, gogoratzen du luizi bat edo beste denbora honetan guztian.
Funikularraren inguruan, hainbat auto daude, eta bertakoek udaltzaingoaren argibideak bilatzen dituzte, bertatik autoak nola atera jakiteko. Bizilagun batek azaldu du berarentzat ez dela arazo handiegia, gora igo besterik ez duela egin behar, etxera. Lasai dagoela dio, baina lehenbailehen konpontzea espero duela. Beste auto batek, ordea, udaltzaingoaren argibideak entzun ditu, berriz autoa Donostiara nola sartu azaltzeko.
Funikularrak ere kalteak jaso ditu, hala uler daiteke behintzat, “konponketengatik” itxita baitago.
Udaltzainek, diotenez, lasai dabil goiza, izan ere, alde horretara ez da auto gehiegirik pasatzen, baina tantaka etortzen direnei argibideak ematen daramate eguna. Perito eta udal teknikarien zain zeuden goizean, hura nola hustu eta bidea berriz libre uzteko itxaroten.