Dbuserako tarifa bateratua, martxoaren 4an jarriko dute abian
Dagoeneko Lurraldebuseko txartela eskuratu duten erabiltzaileek ez dute inolako aldaketarik egin behar; Dbus txartela dutenek, bai.
Martxoaren 4an jarriko da abian Gipuzkoako garraio publikoaren Tarifa Bateratua, zuzenean Dbus zerbitzuei eta erabiltzaileei eragingo diena. Izan ere, Dbusek 2012ko urriaren 12an hasi zuen bateratzeko prozesuranzko aldaketa. Hala, garraio txartelen trantsizioa ahalik eta progresiboena eta mailakatua egiten saiatu dira. Datozen asteetan Dbusek aurreikusitako azken neurriak aplikatuko ditu, tarifa bateratu eta gero Dbuseko erabiltzaileek Donostiako autobusak erabiltzen jarraitu ahal izan dezaten.
Jada Lurraldebus txartela dutenek, ez dute aldaketarik egin beharko; baina Dbusen txartela erabiltzen dutenek bai. Ondorengo argibideak azaldu dituzte aldaketarako.
Bonobus arrunta
Argazkia duten Kutxako txartelei dagokienez, urtarrilaren 31 izango da bonobus arruntaren erabiltzaileek txartelak kargatzeko azken eguna. Argazkirik gabeko Kutxako eta Euskadiko Kutxako txartelei dagokienez, txartel horiek jada orain dela hilabete batzuetatik hona ezin dira kargatu. Halere, martxoaren 3ra arte erabili ahal izango dira Dbus autobusetan.
Martxoaren 4tik aurrera Dbuserako txartel berria eskuratu beharko dute. Azaldu dutenez, eskaera otsailaren 6aren aurretik egiten bada Lurraldebus txartel arrunta izango da, eta otsailaren 7tik aurrera eskatzen bada, Mugi txartel arrunta. Bi txartelak, Lurraldebus eta Mugi, baliagarriak izango dira tarifa bateratu eta gero, eta baldintza berberak izango dituzte.
Bonobus arruntean soberan duten saldoa berreskuratu nahi duten erabiltzaileek martxoaren 15era arte egin ahal izango dute, Kutxako kutxazainetan eta Euskadiko Kutxaren bulegoetan.
Hileko bonuak
Hileko bonuak otsailaren 3ra arte kargatu ahal izango dira, baita otsailaren 3an ere, eta martxoaren 3ra arte erabili ahal izango dira Dbus autobusetan. Bonobus arruntean bezala, Martxoaren 4tik aurrera Lurraldebus edo Mugi txartela eskuratu beharko dute.
Bonobus soziala
Bonobus soziala, Kutxakoa zein Euskadiko Kutxakoa, martxoaren 3tik aurrera ezingo da kargatu. Halere, txartel horiek Dbuseko autobusetan erabiltzen jarraitu ahal izango da, saldoa amaitu arte, tarifa bateratu eta gehienez ere 6 hilabetean, hau da, irailaren 3ra arte.
Erabiltzaile horiek, otsailaren 4tik aurrera Mugi txartel eskatu beharko dute, leku hauetan instalatuta dauden informazio eta laguntza guneetan, honako ordutegi honetan, astelehenetik ostiralera:
Udalinfo erdialdea, Ijentea 1: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Udalinfo Amara, Morlanseko biribilgunea: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara
Udalinfo Altza, San Martzial plaza, 4: 9:00etatik 14:00etara.
Arreta gune horiek gaur egun Dbus bonobus soziala dute pertsonentzat baino ez dira erabilgarri egongo. Eskaera egiteko NANa eta bonobus sozialaren txartela erakutsi beharko dute, eta karnet neurriko argazki bat eman. Erabiltzaile horientzat txartel berriak ez du kosturik izango.