360 lagunetik gora izango ditu Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak
Aurten Donostiako Piraten 10. urteurrena omenduko dute.
Gaur aurkeztu dute aurtengo Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala. Jakinarazi dutenez, 360 partaidetik gora izango ditu aurten. Horietatik, %55 emakumeak izango direla ere zehaztu dute. Guztira, 18 tribu izango dira larunbateko jaian, hainbat elkarteren izenean parte hartuko dutenak. Kultura Zinegotzi Nerea Txapartegik azaldu duenez, “gero eta gehiago” dira kaldereroak ospatzen dituzten konpartsa zein pertsonaiak.
Larunbatean, kaldereroak Fermin Kalbeton kalean elkartuko dira 21:50ean eta ondoren 22:00etan desfilea hasiko dute. Kanpamentua bestalde, Konstituzio plazan egongo da, eta hara azalduko dira 22:15ean. Bertan, Erreginak herria agurtzeko hitzak botako ditu. Ondoren, kaleetan zehar jarraituko dute gauean zehar.
Erregina, Haritz Barela
Aurten gainera, Erregina Haritz Barela izango da. Hain zuzen ere, Donostiako Piratak omendu nahi izan dituzte aurten eta bera bertako parte da. Damak Inaxio Oiarzabal eta Eneko Pontesta izango dira; Hartza, Felix Martinez; Hartz umea, Elene Martinez; eta Hezitzailea, Alex Naia. Azkenik, Zuzendari papera Ibon Otaegik beteko du eta laguntzaile gisa Arantza Sein eta Amaia Txabarria izango ditu. Otaegik parte hartzeko gonbitea luzatu die herritarrei eta gogoratu du hiriaren erretzearen bigarren mendeurreneko txapa bat eramango dutela denek.
Inude eta Artzainak ere bai
Igandean, orain urte batzuk berreskuratu zen beste ikuskizun bat egingo dute, Inude eta Artzainena hain zuzen ere. Kresala Elkartearen eskutik, Inudeen konpartsak hirian zehar kalejira eskainiko du.
Musika ia guztia, Raimundo Sarriegiren konposatua izango da. Ez dute ahaztu izan nahi gainera, aurten bere heriotzaren mendeurrena betetzen dela. Konpartsa 150 lagunek osatzen dute, nahiz Kresalako kide Joxe Muruak, garaiko jantziak dituen edonor gonbidatu duen bertan parte hartzera.
Kalejira, 12:00etan aterako da Euskal Herria kaletik eta Parte Zaharrean zehar ibiliko da.