Josu Ruiz eta Euken Sese, gaurko agerraldian. (Argazkia: Donostiako Udala)
Altzan egindako lana azpimarratu dute. 2011n 2 enpresa sortu baziren, iaz 27 enpresa proiektu berri jarri zituzten abian.
Udalak Donostiako Sustapenaren bidez abian jarritako Donostiako Ekonomia Suspertzeko Plana 2012 azken fasean dago, eta martxoan amaituko da. Abenduaren 31ra arte jasotako datuen arabera, 978 lanpostu sortu dira guztira; beraz, %86,5ean bete dira hasieran ezarritako helburuak.
Donostiako Sustapenak adierazi du helburua langabezia datuei eustea izan dela. Horretarako, hiritarren, merkataritzaren, ostalaritzaren, enpresen eta beste hainbat erakunderen laguntza izan du; ondorioz, Donostiak langabezia- tasarik baxuena lortu du Euskal Herrian: %12, 28, hain zuzen ere. Zenbateko horrek Bilboren (%18,6), Gasteizen (%15,7), Iruñearen (%14,95) aurretik kokatzen du, baita Espainiako batezbestearen aurretik ere (%26,2).
Sortutako ia mila lanpostu horiek arlo desberdinetan banatzen dira: ostalaritza eta merkataritza, besteak beste. Sortzen ari diren industria berrietan ere bai; hala nola, surfa, energia-berriztagarriak eta energia-eraginkortasuna, laguntza-baliabideak, ikus-entzunezkoen arloa/arlo digitala eta autoenplegua.
Ekintzailetzari dagokionez, 245 enpresa sortu dira guztira eta 506.875 euroko laguntza jaso dute; Hala, Altzan, 2011 urtean 2 enpresa sortu baziren, joan den urtean 28 izan ziren martxan jarritakoak. Era berean, 4 enpresa berri sortu dira 27 Industrialdean, 35 arlo emergenteetan eta 2 nekazaritza-arloan.
Altzan, hazkunde nabarmena
Hasi zenetik, DESP-ak Altzako auzoan jarri du arreta, bertan baitzegoen Donostiako langabezi daturik altuena, %15a, hain zuzen ere; baita 27 Industrialdean ere, kasu horretan, itxi duten enpresen ratioa hiriko beste industrialdeena baino altuagoa baitzen. Altzan egindako lana azpimarratu dute. Donostiako Sustapeneko informazio-guneari esker, bertako bizilagunek, Udaleko zerbitzuak eta baliabideak errazago eskuratu ahal izan dituztela azaldu dute. Hazkundea nabarmena izan dela esan dute. Izan ere, 2011n 2 enpresa sortu ziren; 2012an, berriz, 28 enpresa jarri dituzte abian. Era berean, Auzoa Elkartearen kolaborazioari esker, hiriko ekintzaile, heziketa zentro eta merkatarien inplikazio handiagoa lortu dela azaldu dute. Zentzu horretan, Altzan, ekintzaileen jardunaldia antolatu da (Altza Ekin!) auzoko ekintzaile eta ikasleen parte-hartzearekin, baita Enpleguaren XIII.Azoka ere, azaroaren 28 eta 29an.
Donostiako Suspertze Planaren apustua hainbat eragile eta erakunderekin kolaboratzea izan da. Altzako Merkatarien Elkartea, Auzoa, Gipuzkoako Ostalaritza elkartea, DonostiShopss eta 27 Industrialdeko jabeen elkartearekin, besteak beste.
Hainbat jarduera bultzatu ditu planak. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Sustapenak nazioarteko 59 beka eskaini ditu Donostiako gazteen gaitasuna hobetzeko eta lan-merkatuan sartzea errazteko. Horregatik, ordaindutako praktikak eskaini dira 6 hilabetez.
Talentu Berritzailea programa ere gazteei zuzenduta dago. Enpresek, ikerketa-zentroek eta beste hainbat erakundek (berrrikuntzan edo jakintzan oinarritutako proiektuak dituztenak, eta hiriaren etorkizuneko garapenean eragina izango dutenak, batez ere) gazte gaitu eta langabeak kontratatzea izan du jomuga; xede horretan, 230.000 eurotik gora inbertitu dira.
Donostiako merkataritza sustatzeko asmoz, kontratatutako pertsonen gizarte-segurantzaren kostuaren %75a arte ordaintzeko diru-laguntza eskaini du gabonetako kanpainian.
Donostiako Sustapena 2013 urterako Ekonomia Suspertzeko Plan berri bat diseinatzen hasi da. Jomuga nagusietako bat 45 urtetik gorako langabeak laguntzea izango da. Plan hori apirilaren hasieran hasiko da.