Donostialdeko Metroaren proiektuaz zalantzak azaldu ditu Ana Oregi Ingurumen sailburuak
“Denon artean pentsatu behar dugu zein den Donostialderako garraiobide onena”, azaldu du Oregik.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak iragarri du AHT abiadura handiko trena egiteko diru sailei eutsiko dietela; Donostialdeko Metroaz eta Pasaiako kanpoko kaiaz, berriz, zalantzak azaldu ditu. Egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, “ez da proiektu faraonikoetarako garaia”, azaldu du Ana Oregik Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak AHTa egiteko diru sailei eutsiko diela iragarri du Oregik. Azaldu duenez, AHTa egiteko “Madrildik datorren dirua konprometituta dago”, baina “bilera eskatu dugu Sustapen Ministerioarekin, eta horretaz hitz egingo dugu”.
Donostialdeko Metroan eta Pasaiako kanpoko kaia egiteko egitasmoan jarri ditu zalantzak Oregik. Esan du bere helburua “Donostialde osoa lotzea” dela baina ez dela metroaren moduko “proiektu faraonikoetarako garaia, momentu honetako krisia izugarria” delako. Oregik erantsi du “herritarren beharrak” kontuan izan behar dituztela: “Denon artean pentsatu behar dugu zein den Donostialderako garraiobide onena”.