Hungariako Galdaragileen Konpartsa Zaharreko kideak. (Argazkia: Nagore Koch)
1884an sortu zen, Sarriegik espresuki konposatutako kantuak jotzen.
Gaur aurkeztu dute Hungriako Galdaragileen Konpartsa Zaharrak egingo duen ibilbide eta kantu sorta. Aurten gainera, urte berezia da, hain zuzen ere, konpartsak 130 urte beteko baititu. Lehenengo aldiz, 1884ko otsailaren 2an irten ziren kalera. Hartan, Raimundo Sarriegik bereziki konposatutako piezak jo zituzten.
Larunbatean, 21:45ean irtengo da taldea Santa Maria elizatik. Ondoren, kale Nagusitik aurrera egingo du Sarriegi plazako kanpamentura iritsi arte. Bertan, Martin Estebanez Erreginak ohiko hitzaldia emango du. Aurten, ordea, berezitasun bat izango dute, zehazki, Sarriegiren heriotzaren mendeurrena dela eta, konpositorearen omenez dagoen oroigarrian loreak utziko dituzte.
Gaur egindako agerraldian azaldu dute, konpartsako partaide kopuruak gora egin duela. Guztira, 200 kaldererotik gora hartuko dute parte. Dantzatu eta kantatuko duten emakume kopuruak ere gora egin duela azaldu dute.