Hendaiako manifestazioan izango da alkatea, Ipar Euskal Herriko ikastolei babesa emateko
Donostiako Udal Gobernuak bat egingo du bihar larunbata iparraldeko ikastolen aurkako erasoa salatzeko Hendaian egingo den manifestazioarekin. Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak ere, hau da, apirilaren 28an Irungo Ficoban sinatutako akordio estrategikoak biltzen dituen indar politikoek Baionako suprefetak Hendaian ikastola berri baten eraikuntzaren aurkako posturari aurre egitea erabaki dute.
Erabaki honekin, Baionako suprefetak Ipar Euskal Herrian Seaska eta herriko etxeen artean 20 urtez indarrean izan den akordioa apurtzen du. Udal Gobernuaren iritziz, erabaki hau euskarazko murgiltze hezkuntza sistemaren aurkako eraso zuzena da. Egoera honek argi adierazten du marko juridiko bermatzaile baten beharra, hau da, euskararen ofizialtasun estatusa bermatuko duena.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Gobernuko beste kide batzuk bihar larunbata, arratsaldeko 17.00ean, Hendaiako tren geltokitik abiatuko den manifestaziora joango dira eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.