Donostiako kaia. (Argazkia: Nagore Koch).
Eusko Jaurlaritzak kaiko egokitzapen obrak atzeratuko ditu, alkatea eta kaltetuen eskaeren ondoren. Gasteizko Gobernuak obrak datorren astelehena, otsailaren 4an, hastea aurreikusten zuen. Lan hauek helezina egingo zuten kaia udaren parte handi batean, besteak beste, ostalari eta merkatariei eragingo zien galera ekonomikoarekin, lanen iraupena 5 hilabete ingurukoa izango dela aurreikusten baita. Atzerapena adostuta, urrian hasiko dira lanak.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek hainbat bilera eta harreman mantendu ditu Gasteizko gobernua eta kaltetuekin, lanak atzeratzeko ahaleginean. Era berean, kaltetuak aste honetan bildu dira garraio sailburuordearekin, obrak data horietan hasteak ekarriko lituzkeen galerak plazaratzeko.
Izagirrek adierazi du obrak orain hasteak “zonaldeko ostalari eta merkatarientzat galera ekonomiko izugarria” ekarriko lukeela eta “bereziki udan turismo arloan aritzen diren zenbait negozio bideraezin bilakatuko lirateke”. Gainera, “hiriaren irudian eragin ezkorra izango luke, kontuan hartuta kaia, zonalde turistiko garrantzitsuenetako izanik, ia helezin egingo lukeela”.
Hiriko alkatea pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak udalaren eskaerari kasu egin izanagatik eta egokitzapen eta udalak aurreikusita dituen saneamendu sarearen hornikuntza eta berritze eta ur banaketa lanak koordinatzeko asmoa azaldu du, kaiko merkatari, ostalari eta bizilagunei kalte handiagorik ez eragiteko.