Añorgatarren esku markek apainduko dute Cemento Rezola Museoa
Asteburuan auzoko haurrekin egindako tailer batean sortu dituzte eraikinaren aurrealdean jarriko dituzten plakak.
Añorgako Cemento Rezola Museoak kanpoko itxura aldatuko du datozen hilabeteetan. Museoak proiektu bat jarri nahi zuen abian, eta añorgatarrek parte hartzea nahi zuen. Ideia hura garatzeko deialdi bat egin zuen, eta hainbat artisten proposamenak jaso zituen. Ekain eta Pedro Olaizolaren proposamenak irabazi du deialdia: Zementu biziduna izena du proiektu irabazleak.
Pixkanaka, museoaren kanpoaldea eraldatuko dute, añorgatarren eta bertako naturaren bidez. Museoaren aurrealdea elementu bizi bihurtzea da proiektuaren helburua. Joan den asteburuan ekin diote proiektuari. Auzoko hainbat haurrek parte hartu zuten Ekain Olaizolak gidatutako tailer batean. Laster museoaren fatxadan jarriko dituzten zementuzko plakak egin zituzten. Haurrak lantegian sartu, eta zementuzko plaka horietan euren esku markak utzi zituzten.
Eraikinaren kanpoaldea berdetzea ere proiektu honen helburuetako bat izango da. Auzoko txoriek eta landareek euren espazioa izango dute kanpokaldeko horman, haiek ere protagonista izango dira fatxada berrituan.
Bideoan eta argazki galerian asteburuan egindako tailerraren irudiak jaso ditu Irutxuloko Hitzak.












