Euskaltegietan matrikulatzeko epea ireki dute
Otsaila bukaera arte egin daiteke matrikula; baita diru laguntzen eskaria ere.
Neguan euskara ikasten hasteko asmoa dutenentzat, irekita dago jada euskaltegietan matrikula egiteko epea. Bestalde, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak diru laguntzak emango ditu euskara ikasteko. Matrikulazio hau egiten dutenek, otsailaren 28ra arte izango dute eskaria egiteko epea. Konstituzio plazako Euskara Zerbitzuetako bulegoan egin beharko dute.
Bestalde, bestelako ikastaroetarako ere, laguntzak emango dituzte. Hala nola, neguko barnetegiak edo autoikaskuntza ikastaroetarako. Diru laguntza hauek, bateragarriak izango dira beste erakunde batzuek emandako diru laguntzekin.
Merkataritza eta ostalaritzarako ikastaroa
Bestalde, gaurtik otsailaren 15era bitartean, merkataritza eta ostalaritzako langileentzako 60 orduko ikastaroetan izen emateko epea ireki dute.
Ikastaro hauek, merkatari eta osatalarien neurrira eginda daude, haien lanetan dituzten beharretara, hain zuzen. Oinarrizko ikastaro praktikoak eskaintzeaz gain, euskaraz jakin arren idatziz trebatu nahi dutenentzako ere aukera zabalik dago. Hala nola, faxak, posta elektronikoak, fakturak, eta halakoak idazten ikasteko.
Izena emateko, hau ere, Euskara Zerbitzuko bulegoetan edo, Euskaraz.net eta Merkatari.net webguneetan egin daiteke.

