Momo Jainkoa prest dago inauteriei hasiera emateko
Karmelo Txiki konpartsako Mayte Rodriguez aukeratu dute jainkoaren papera betetzeko; ostegunean aurkeztuko dute.
Ostegun Gizena iristeko egun gutxi falta direla egin dute Donostiako Inauterien aurkezpena. Kultura zinegotzi Nerea Txapartegik aurtengo egitaraua aurkeztu du, eta baita Momo Jainkoa eta haren laguntzaileak ere. Gainera, inauterietan errutinatik atera eta kaleak alaituko dituzten, musika eta batukadez gozatzeko deia egin du.
Aurten Momo Jainkoa, Karmelo Txiki konpartsako Mayte Rodriguez izango da. Ostegunean 19:00etan aurkeztuko dute Konstituzio plazan. Rodriguez, 1982an hasi zen Los Corcones fanfarreko konpartsan, eta gaur egun arte, inauterietan konpartsetan parte hartzen jarraitu du. Oso pozik azaldu da Rodriguez, gainera, aurten Karmelo Txiki konpartsak 20 urte betetzen dituelako. Donostiarrei, inauterietaz disfrutatzeko deia luzatu die; “Momo bezala nahi nuke, jendeak programa hartu eta kalera ateratzea”, esan du. Bere laguntzaileak, Eli Ramirez, Arlene Ramirez eta Patricia Garmendia izango dira.
Bestalde, urte berezia da Donostiako Inauterientzat, izan ere, hiriaren erreketaren bigarren mendeurrenarekin lotuko baitute. Hain zuzen ere, Donostian inauteriak, 1814an ospatzen hasi ziren, erreketa eta berreraikitzearen ondoren. Beraz, Txapartegik egitarau zabalaz disfrutatzeaz gain, XIX. mendeko jantziak jartzeko deia egin du. Besteak beste, XIX. mendeko azoka, sokamuturra, Tomas eta Hipo pailazoak edo asteleheneko sardinaren ehozketa aipatu ditu.
2517 lagun dantzan
Txapartegik azaldu duenez, guztira 27 dira asteburuan zehar kaleak alaituko dituzten konpartsak. Rodriguezek gaineratu du, 2517 lagunek hartuko dutela parte konpartsetan. Konpartsak asteburu osoan zehar arituko dira dantzan; ostiraletik hasi eta igandera bitartean. Hauek, Parte Zaharrean eta Erdialdean ez ezik, auzo guztietan arituko dira.

