Konstituzio plazan azaldutako plaka bat. (Argazkia: PSE)
‘Plaza Berria 1722-2012’ dioten plaka batzuk azaldu dira plazan; PSEk alkateari kendu ditzan eskatu dio.
Bilduk, eta zehatzago, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, Konstituzio plazaren izena aldatu nahi duela salatu du PSE-EEk. Marisol Garmendia zinegotziak egindako agerraldian, esan du “tontakeria bat” iruditzen zaiela aldaketa hau, betidanik izan baita Konstituzio plaza.
Gainera, salatu du, Konstituzio plazako lau sarreretan,
Plaza Berria 1722-2012 irakur daitekeen plakak azaldu direla; “hau oso larria da, Donostiako Udaleko armarria eta guzti baitaramate, eta jendea nahasi baitaiteke”, esan du. Gehitu du, egunak daramatzatela bertan, eta udal gobernuak ez duela ezer ere egin haiek kentzeko.
Azkenik, salatu du, aurreko plenoan zein beste egoera batzuetan, alkate zein zinegotziek plaza Berria terminoa erabili izana; “Konstituzio plazak, Konstituzio plaza izena du, eta hala deituko diogu”, esan du. Bukatzeko, udal gobernuak edo Bilduk izena aldatu nahi izanez gero, proposamena “betiko bidetik” sartu dezan esan du, eta plenoak onartu eta baztertuko duela. Beraiek oraingoz, plenora galdera eramango dutela azaldu du: Zergatik izena aldatu nahi dioten, eta plakak zergatik ez dituzten kendu.
Bilduk, egun ez du oraindik izenaren aldaketaren berri eman.
‘Plaza Nueva’ izan zen hura
Gaur egun Konstituzio plaza, edo donostiar askorentzat ‘Konstia’ denak 1722an du bere jatorria. Hartan Plaza Nueva izena izan zuen, baita 1813ko erreketaren ostean, 1817an berreraikia izan zenean ere. 1820an ordea, Plaza de la Constitucion izena jarri zioten, hain zuzen ere, Cadizko 1812ko Konstituzioa gogoratzearren.
1937an, frankistek izena Plaza del 18 de Julio izatera aldatu zuten, nahiz Garmendiak gogoratu duen bezala, jende guztiak Konstituzio plaza deitzen jarraitu zuen. Hala 1979an berriro izena berreskuratu zuen.