Lanpostuak galtzeko arriskua dela eta, Ibermaticako langileek grebara deitu dute
238 lanpostu daude arriskuan; horietatik 187 Donostiako zentrokoak lirateke.
Kutxabankeko zerbitzu informatikoaz arduratzen den Ibermatica enpresako langileek grebara deitu dute hilaren 12tik 15era. Langile batzordeak salatu duenez, 238 lanpostu arriskuan daude, eta informazioa emateko eskatu die bai Kutxabanki eta bai Ibermaticari.
Langile batzordeko ordezkari Aloña Ibarluzeak Kutxabankek eta Ibermatikak azalpenik ez dietela eman esan du. Orain arteko mobilizazioek ez dutela zuzendaritzan aldaketarik eragin aitortu dute, eta horregatik erabaki dutela pauso bat gehiago eman eta grebara deitzea. “Borrokan jarraituko dugu lanpostuen eta lan eskubideen alde”, adierazi du.
Fusioaren ondorio
Murrizketa hau, hiru euskal kutxen fusio prezesua amaitzear denean datorrela esan dute. Horrekin, egun BBK, Kutxa eta Vitalen zerbitzu informatikoetan lan egiten duten 700 langileetatik 238 kalera joan daitezkeela uste du langile batzordeak. Zerbitzuen zentralizazioa dela-eta, kaleratu ditzaketen 238 langileetatik 187 Donostiako zentrokoak lirateke. Donostiako zentroko ELAko ordezkariek azaldu dute hilabeteak daramatzatela zuzendaritzari informazio eske, baina ez dutela erantzunik jaso.
Langile batzordeari iritsi zaion informazioaren arabera, Ide Informatica Euskadi taldeak hartuko luke Kutxabanken sistema informatikoaren garapenaren ardura, orain arte BBKren informatika zerbitzuaz arduratzen zenak. Sindikatuak salatu du modu horretara Kutxabankek negozio bolumena mantenduko liokeela Ibermaticari, baina kolokan jarriko lituzkeela gaur egun Kutxabankentzat lan egiten duten 238 beharginen postuak.
Bestalde, azaldu dute T Bidearen eta banka elektronikoaren erabiltzaileek gutun bat jaso dutela martxoaren 18tik aurrera telefono zenbaki berri batera deitu behar dutela azalduz; BBKren bezeroaren arretarako telefono zenbakira hain zuzen. Langileek salatu dute “eskandalagarria” dela beharginak horrela izatea zerbitzu baten aldaketaren berri, bezeroei bidalitako gutun bidez. Hiru kutxen informatika zerbitzuen fusioa laster da amaitzekoa: otsailaren 15ean fusionatuko da Vital, eta martxoaren 15ean Kutxa.
Ibermaticak Derion, Gasteizen, Donostian eta Elgoibarren ditu bulegoak, eta enpresako akziodun nagusia Kutxabank da (%48 inguru). Langile batzordearen arabera, Kutxabankek saldu egin nahi ditu Ibermatican dituen akzioak.