Berdintasun aurrekontuak genero ikuspegia udal sail guztietan txertatzea izango du helburu
Aurrekontua iaz baino %10 baxuagoa da; Emakumeen Etxean hobetze inbertsioak jaitsi eta hainbat zerbitzu beste sailen gain jarri dituzte.
Udal gobernuak aurkezturiko aurrekontu proiektuak, bere baitan genero ikuspegia txertatzea izan du helburu. Horretarako, gainontzeko udal sailetan sartu nahi dituzte hainbat berdintasun alor; honek Berdintasun sailaren aurrekontua %10 murriztuko luke. Izan ere, hainbat ataletatik programa jakinak jorratu nahi dituzte berdintasuna bultzatzeko.
Berdintasuneko zinegotzi Naiara Sampedroren ustez, oso garrantzitsua da hau, batetik, “zeharkakotasuna egingarri dela erakusten duelako” eta, bestetik, horrela politika feminista bat bermatzen ari delako; “oso garrantzitsua da udal alor guztiek programa zehaztuak bultzatzea; gobernu talde honen konpromisoa, alde horretatik, argi islatuta dago aurrekontu proiektu honetan”, iritzi du.
Hala nola, Gizarte Ongizatea arduratuko litzateke, iaz Berdintasun Atalak eginiko zaintza diagnosia inplementatzeaz. Besteak beste, gizarte langileak eta psikologoak trebatzea, Berdintasun eta Indarkeria Matxistaren Biktimak Artatzeko atalek batera lan egitea edo gizarteratze ikastaroetako berdintasun lantegiak egitea izango lirateke. Bestalde, Hirigintza Alorrean, esaterako, Sarruetako plan berezia lantzeko orduan, baita Loiolako Lorategi Hiria hirigintza aldetik garatzean ere, gizonak eta emakumeak berdin tratatzea bermatzeko lanak egiten ari direla adierazi du Sampendrok.
Mugikortasuneko emakume agenteek autodefentsarako prestakuntza jasoko dute. Informatika Zentroan datu base bat prestatzen ari dira, generoaren ikuspegitik. Donostia Kultura eta Giza Baliabideak atalek, haien aldetik. berdintasun plana egingo dute, eta gainera, udal teknikariei berdintasun prestakuntza emateaz arduratuko dira, batez ere hizkera ez-sexista kontuan izateko. Azkenik, Hezkuntza Atalak, gida bat argitaratuko eta zabalduko du, eskoletako jolastokiak ere paritarioak izateko.
Guztira, 523.000 euro
Berdintasun Atalaren beraren aurrekontu proposamena, 523.000 eurokoa da, batetik, esan bezala, berdintasun programa batzuk udal ataletan txertatuta daudelako, eta, bestetik, Emakumeen Etxean egin beharreko inbertsioak txikiagoak direla azaldu dute. Guztira aurten inbertsioa 12.000 eurokoa izango litzateke.
Emakumeen jabekuntza helburu duten jardueren programetara 10.000 euroko bideratuko lirateke. Kontusail horretan, programa berezi batzuk egongo liratekeela azaldu dute, esaterako, indarkeria matxistaz sentsibilizatzeko kanpainak aurten, 37.000 euroko aurrekontua izango luke. Hau, lehengo aldiz, urte osoan gauzatuko litzateke, eta ez bakarrik azaroaren 25agatik edo Aste Nagusiaren inguruan.
Bestalde, honakoak lantzen jarraitzeko asmoa dute: ikastaroak, lantegiak, erakusketak, aholkularitza eta abar. Sampedrok nabarmendu nahi izan du aurten amaituko dutela hiriko berdintasun diagnosia eta baita III. Berdintasun Plana ere.
Azkenik, diru laguntzek bi zati izango dituzte. Lehenengo zatia Emakumeen Etxea elkartean bilduta, Udalarekin batera, Etxearen proiektua aurrera eramateko. Eta beste kantitatea bateragarria da, haien kabuz elkarteek bultzatzen dituzten proiektuetarako. Kontusailak, hurrenez hurren, 45.000 eta 43.000 euro izango lirateke.
Sampedrok gogora ekarri zuen alkatetzak irizpidetzat jarri duela aurrekontuak berdintasunaren ikuspegitik prestatzea, baita kontratu publikoak egiteko baldintza orrietan berdintasun klausulak sartzea ere.