Ricardo Burutaran, udal gobernuaren ordezkaria. (Argazkia: K. M.)
Egungo araudia 2004koa da; bihartik aurrera eztabaidatuko dute proposamena oposizioarekin
Udal Gobernuak herritarrek udal organoetan zuzenean parte hartzea bultzatu nahi du, eta horretarako, Udalbatzaren Organo Araudia aldatzeko proposamena egin du. Egun indarrean dagoen araudia 2004koa da eta Bilduren ustez, eguneratu beharra dago. Bihar hasiko dira 1etik 22. artikura bitartekoak eztabaidatzen, izan ere, guztira 154 artikulo baitira.
Eguneraketa ez dute ordea parte hartzearen arloan bakarrik egin nahi. Udal gobernuko ordezkari Ricardo Burutaranek azaldu du, beste hainbat aldaketa ere egin nahi dituztela araudian. Hala nola, hizkuntza eta informazio eskubideak bermatzea sustatu nahi dute, euskara erabiltzen dutenen eskubideak bermatzeko.
Bestalde, zinegotziei ematen zaien “txit prestua” titulua kendu nahi dute, izan ere, zinegotziak “herritarren zerbitzari direlako eta ez maila goragoko gizakiak”. Gainera, hizkuntza erabileran generoaren ikuspegia islatzea ere garrantzizkoa jo du Burutaranek, batez ere gaztelaniaz kargu eta halako ia denak maskulinoan baitaude idatzita.
Besteak beste, ordezkariek, zinegotziak izan gabe gobernu taldeko kide badira, udal organoetan parte hartzeko aukera izatea edo informatika tresnak egokitzea daude proposamenaren barruan.
Parte hartzea nola gauzatu
Proposamenaren barruan, parte hartzea gauzatzeko hartu beharreko neurriak ere zehaztu dituzte. Burutaranek azaldu duenez, gai baten inguruan eztabaidarako egokia edo interesgarria den pertsona edo talde batek, haien inguruan bilkuran hitz egiteko aukera izatea; betiere lehendakariaren esku egongo da erabakia.
Bestalde, herritarrek udalbatzetan galderak egiteko aukera izango lukete. Aurrekontuei dagokienez, besteak beste, herritarren parte hartzea ahalbidetzeko bideak ezarriko lituzkete.