Labo saila eta Kimuak, bat eginik
Aurten ere Labo saileko film laburrak izango dira ikusgai Antzoki Zaharrean. Programazioko egun bat 2012ko Kimuak katalogo lanei eskainiko diote.
Hilaren bukaeran iritsiko da Donostiara Clermont-Ferrand nazioarteko film laburren jaialdiko Labo atala. Aski ezaguna da zinema proposamen arriskutsuenak maite dituzten zaletuen artean. Aurten seigarren urtea beteko du Clermont-Ferrand Zinemaldia, Tabakalera eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanak. Askotariko proposamen esperimentalak eskainiko dira, ikuspuntu berritzaileak, eta baita bideo-artearen mundutik edo arte garaikidetik gertu dauden lanak ere, diziplina arteko mugak lausotzen diren eremu horretan kokatzen direnak. Otsailaren 25etik martxoaren 2ra izango da hitzordua, Antzoki Zaharrean.
Labo saileko 30 film labur ikusi ahal izango dira Donostian. Berritasun gisa, aurten 2012ko Kimuak katalogo lanei ere eskainiko diote programazioko egun bat.
Andres Duque zinemagilearekin tailerra
Aurten gainera, Andres Duque zinema zuzendaria gonbidatu dute. Tailer bat zuzenduko du: EL CINE SOY OTRO. Zinema, sorkuntza eta egiletza ikus-entzunezko garaikidean. Larrotxenen emango du tailerra, otsailaren 25ean, 26an, 27an 28an eta martxoaren 1ean. Parte hartzaileei auto-ezagutzarako beharrezko dituzten tresnak helaraztea da, zinemaren bitartez nortasun artistiko bat eraiki ahal izan dezaten. Tailerra zinema digitalean eta autobiografikoan interesa duten pertsonei zuzendurik dago.
Izena emateko, bidali email bat CV labur batekin eta motibazio gutunarekin proiektuak@tabakalera.eu helbidera, otsailaren 21a baino lehen.