Onkologikoaren egoitza. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Osakidetzarekin duen akordioa amaitzear dago eta Kutxak ez du etorkizunaz erantzunik eman.
Onkologikoak Osakidetzarekin sinaturiko hitzarmena aurten bukatuko dela jakinarazi du EH Bilduk. “Eta Kutxak oraindik ez du argitu zer egin behar duen, zein izango den Onkologikoaren etorkizuna”. Horren ondorioz, Onkologikoa “arriskuan” dagoela salatu dute, hain zuzen ere pribatizatzeko arriskuan.
EH Bilduk azaldu duenez, langileak ere kezkatuta daude, eta hori dela eta, Onkologikoaren etorkizunerako planak argitzeko eskatu dute: “Orain arte kalitatezko zerbitzu publiko bat izan dena negozio huts bihurtu nahi dute. Gipuzkoarrentzat minbiziari aurre egiteko funtsezkoa izan den eta gaurkoz funtsezkoa den zerbitzua merkatuaren morroi bihurtu nahi dute”, salatu dute Joseba Permach eta Iban Asenjo koalizioko ordezkariek.
Onkologikoaren pribatizazio arriskuarekin Kutxabank eta kutxen gizarte ekintza zena “zapuzteko urratsak” egiten ari dela EAJ salatu dute. Izan ere, Kutxabankek gizarte ekintza %60 murriztea erabaki duela esan dute koalizioko kideek.
Tabakalera ere kolokan
Kutxek haien gizarte ekintza murrizteak eta Kutxabank pribatizatzeak ondorio larriak izan ditzakeela ohartarazi du koalizioak. Besteak beste, Tabakaleraren proiektuan ere eragina izango duela ohartarazi du.
Azkenik, gizartearen ondarea zena, “interes pribatuak elikatzeko” erabiltzen ari direla salatu dute. Hara, EAJri eta PPri leporatu diete “kapitalaren interesen arabera” jardutea.