Stop Kaleratzeak kolektiboak egindako elkarretaratze bat. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Kaleratzeen aurka ari diren eragileekin elkarlanean arituko dira eta hainbat neurri hartuko dituzte.
Udal gobernuak, etxegabetzeen inguruko protokoloa aurkeztu du gaur. Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk azaldu duenez, udal gobernuak “ahalegin guztiak” egingo ditu egoera ekonomiko zehatz baten aurrean oinarrizko etxebizitza horren hipoteka ordaindu ezinean dauden pertsonen eskubideak bermatzeko.
Batetik, etxegabetzeen aurka lanean ari diren elkarteekin elkarlanean arituko direla azaldu du Albizuk. Besteak beste, erabakiak kontsultatuko dituzte haiekin.
Bestalde, udalak, “herritarren aurkako” etxegabetze prozedura abian duten bankuekin harreman bideak irekiko ditu, zehazki, prozedura bertan behera uzteko eskatuz. Gainera, kaleratzea egingo duen banketxearekin udalak duen harreman instituzional edo ekonomikoa berrikusiko luke, hartu beharreko neurriak hartuz.
Udala Kutxako erakunde sortzaile eta Kutxabankeko partaide den heinean, bereziki eskatu dio entitate horri etxegabetzeak bertan behera uzteko era mugagabean. Baita epaitegietan dauden prozedurak ere.
Azkenik, udal gobernuak alokairu sozialen aldeko apustua egingo duela jakinarazi du Albizuk. Kasuan kasu egoera ikusita, baina “jarraitu beharreko bidea” hori dela azpimarratu du.