Zinegoak Luzapena antolatu du EHGAMek zazpigarren urtez
Zazpigarren urtez jarraian, EHGAM elkarteak Donostiara ekarriko du Bilboko Zinegoak jaialdiko zatitxo bat, Zinegoak Luzapena izenburupean. Les,Gay,Trans zinemaldia da Zinegoak, eta bertako hainbat film ikusteko aukera egongo da Antzoki Zaharrean. Otsailaren 19an, hiru film labur eskainiko dituzte, 20:00etan; Sur la route du paradis, Folklorikas lesbianas eta Reprise. Otsailaren 21ean, berriz, 20:00etan, Call me Kuchu dokumentala izango da ikusgai; ingelesez proiektatuko dute, gaztelerazko azpidatziekin. Otsailaren 26an, azkenik, Errenteria Hiria kulturunean beste hiru film eskainiko dituzte. Filmeak ikusteko sarrerak 4’5 euroko prezioa izango du.
Azken batean, gay, lesbiana eta transexualen gaiak jorratzen dituen zinemaldia da Zinegoak, eta film luze, film labur eta dokumentalen bidez hainbat herrialdeetako errealitateak gerturatzea du helburu. Informazio gehiagorako ehgam.org webgunea bisitatu daiteke.